2024ko otsailean Intsumisoaren kanpainaren hasieraren 35. urteurrena «ospatu» genuen. Efemerideari eutsiz, Ekintza Zuzena aldizkariak erronka bat bota dit, Euskal Herriko Antimilitarismoari buruzko hausnarketa egitea.
Lehenik eta behin aitortu behar dut nire hausnarketak ezaugarri subjektibo asko dituela; gogoeta egitean, ahalik eta objektiboen izaten ahalegindu banaiz ere. Narrazioari ekin aurretik aitortza hori beharrezkoa delakoan nago, ez baitut inondik inora adierazi nahi nire iritzia gertaeren isla objektiboa denik. Gainera, beti lantaldean egin dudan militantzia, batik bat Donostialdeako eremuan aritu naiz eta ziurasko nabarituko da.
Nire begirada gaztetik jantzita ditudan «betaurreko» batzuek baldintzatzen dute. 16 urterekin antimilitarismoan ekintzaile hasi nintzenetik, eremu ideologiko heterodoxoa, baina jakin batean aritu naiz. Betaurrekoek bi kristal dituzte: batetik, abertzaletasunak-euskaltzaletasunak osatzen duena; bestetik, ezker iraultzaileak ematen duena. Bigarren honek sekula ezkutatu ez ditudan ezaugarri ekosozialista eta libertarioak dituelarik.
Esan gabe doa ere, betidanik indarkeria-eza aktiboaren estrategiarekin bat egin dudala. Bizitzea tokatu zaidan testu-inguru geopolitiko, historiko, kulturala eta kronologikoa estrategia hau garatzeko Euskal Herria marko egokia izan dela pentsatu dut beti, eta neurri handi batean egiaztatu dugula esango nuke.
Zilegi bekit ere, urteurren batez ari garenez, kontaketan zenbait izen abizen aipatzea. Beti ere, azpimarratuz, zorionez, antimilitarismoa Euskal Herrian oso kolektiboa izan dela oso «sinfonikoa» pertsonalismoetatik nahiko aske egon den mugimendua.
Hitzaurre hau bukatutzat emanda, narrazioari ekingo diot.
Euskal Herrian Armagintzak itzala handia duela jakina da. Ez da horren ezaguna, berriz jarrera antimilitarista. Haatik, jarrera horrek erro sakonak ditu. Historia Garaikidean, aldiz, antimilitarismoaren egituratze-fase Hego Euskal Herrian NATOren aurkako kanpainan koka daiteke. Felipe Gonzalezek egin zituen hamaika barrabaskerietako bat NATOrekiko jarrera aldaketa izan zen. Estatu espainiarra erakunde militar honetan sartzeko hautua erreferendum baten bidez mozorrotu nahi izan zuen. Erreferendum honi ezezkoa bultzatzeko antolatu ziren herri mugimenduak hasi ziren aldaketak sortzen, eta hor erein zen nagusiki etorkizuneko hazia.
INTSUMISIOA
Halere, euskal antimilitarismoan jauzi kuantitatibo eta kualitatibo handiena soldaduskaren aurkako Intsumisioaren bidez egin zen.
Ezaguna denez, Kontzientzia Eragozpen aldeko mugimenduak Kontzientzia Objetorea izateko «agiri-kolektiboa» aurkeztean, objezioari osagarri politiko garbiak eman zizkion. Aurretik, objetore gehienen argudioak (Pepe Beunza eta aitzindari gutxi batzuk izan ezik) erlijiosoak ziren. Agiri Kolektiboaren bidez, ekintza pertsonal hura, kolektiboa izateaz gain, politikoa eta iraultzailea bihurtu zen.
UCDrekin hainbat tirabira edukitakoan, PSOEri zegokion gatazka soziopolitiko honen kudeaketa. Eta jakina, NATOrekin egin zuen lez, proposamena irtenbide sistemiko bat izan zen, PSSa (Ordezko Prestazio Soziala). Zorionez, ordurako bagenekien nor genuen aurrean eta zein nolako jokabidea izango zuen PSOEk. Objetore askok talka politikorako prestatu genuen gure burua.
Ez zen erraza izan. 1989an lehengo intsumiso sorta Gobernu Militarretan euren burua aurkeztu baino lehen lan eskerga egin behar izan genuen. Ordurako, aurreko urteetan Objezio Kolektiboaren bidez pilatuta ginen ehunka antimilitarista «amnistiatuta» ginen. Intsumisoa egiteko moduan zeuden lagunak ez ziren asko, azkeneko objetore berriak baitziren, eta gehienak taldeetara hurbildu berriak.
Gutxieneko zenbakia behar genuen intsumisoen 1.go aurkezpena egin ahal izateko, kopuru batetik behera, guztion atxiloketa segurua zelako. Gutxieneko kopuru lortze aldera, asteburu berean Penintsulako lau tokitan elkartu ginen amnistiatuok eta objetore berriak. Amnistiatuok «Berobjezioa» egiteko proposamena egin bagenuen ere, (hau da, Estatuaren objezio statusari uko egin) jakin bagenekien arriskua «berrien» gain eroriko zela. Gauzak horrela, lau asanbladetatik, soilik, Gipuzkoako Orioko herrian egindako biltzarretik atera ziren lehenengo boluntarioak.
Une oso garrantzitsua izan zen, erabat beharrezkoa zen kopuru minimoa ziurtatuta zegoelako; baina bazituen beste bi ezaugarri berezi, teorian kontrajarriak eta praktikan guztiz bateragarriak. Asanblada hori Euskal Herrian egin zen, une politiko zailean, eta gatazka armatua gori-gori zegoen garaian. Garrantzitsua zen Euskal Herrian arrakasta izatea; eta beste aldetik, zeharo beharrezkoa zen ere, Euskal Herritik kanpo intsumisoak egotea lehenengo momentutik. Orion lortu genuen, izan ere Orioko batzarrera Asturias, Kantabria eta Aragoiko lagunak etorri ziren, euren ekarpen kualitatiboa funtsezkoa izan zen. Hori gabe ezin izango genukeen aurrera egin.
Kopuru minimo horrek ematen zigun ziurtasunari esker, urrezko bi hilabete irabazi genituen, bi hilean behin «recluta» berriak kuarteletara bidaltzen zituztelako; eta beraz, bi hilean behin, intsumiso berriak. Denborak gure alde jokatzen zuen, eta guk bagenekien. Une orotan «Tempusa» Mugimendu Antimilitaristak kontrolatu zuen. Estatuak ez zeukan malgutasunik gure mugimendu taktikoak ekiditeko. Aurrea hartzen genien behin eta berriz: intsumiso kopurua handitzen, ekintza zuzenak biderkatzen, hedabideetan astero ateratzen, errepresioa gure alde bilakatzen, epaiketak politizatzen, sare soziala zabaltzen.
Aniztasuna eta koherentzia gakoak. Kakitzat versus KEM-MOC
Intsumisoaren arrakastaren atzean hainbat aldagai daude: belaunaldi horren hedapen demografikoa, testuinguru geopolitikoa, korronte ideologiko berriak, gatazka armatua… Aniztasuna kudeatzeko gaitasuna izan genuen, nahiko modu koherentean. Bi koordinakunde ziren zabalduenak: KEM-MOC eta Kakitzat. Askotan harremanak ez ziren xamurrak izan. Hala ere, biak ala biak beharrezkok izan ziren, eta biek izugarrizko ekarpen positiboa egin zuten. Talde eta pertsona asko bi koordinakundeetan ibiltzen ziren, edozein talde diziplinaren gainetik autodiziplina eta malgutasuna nagusitu ziren. Ezker Abertzaleak bultzatutako Malatxa taldearen ekarpena apalagoa izan zen, ordea.
EUDIMA. Autoinkulpazioak babes soziala, intsumisoen autonomia
Intsumisoon babes soziala eta errepresioa oztopatuko zuen «koltxoia» osatze aldera etapa ezberdin batzuk jorratu genituen. Intsumiso bakoitzak 4na autoinkulpatu aurkezten zituen epaiketan babesa emateko. Autoinkulpatuen zerrenda oso zabala zen: objetore «amnistiatuak» hasi ginen; laster jende ospetsua. Intsumiso bakoitzak bere babesleak aukeratzen zituen eta horrek erabakitzeko autonomia indartzen zuen.
Garrantzi itzela izan zuen Euskal Herriko hainbat udalen babesak. Udalek soldadugairen zerrenda eman behar zien militarrei (kintoak). EUDIMA 1996an osatu zen legalki, baina aurretik udal askotan desobedientziaren alde jo zuten. Guztira 140 bat udal. Hautetsi eta erakunde publiko hauen babesa errepresioa eragotzi zuen, «koltxoi sozialaren» ardatz nagusietako bat izan zen.
Ezker Abertzale Ofizialaren aldaketa
Iragan den mendeko 80. hamarkadaren hondarretan ezkerreko eremu politikoan, eta batik bat gazterian, Ezker Abertzaleak zuen «hegemonia». Jakue Pascual soziologoak, adiskidek eta kideak esan ohi zuen bezala: «Ezker Abertzale Soziologikoa».
Euskal Herriko piramide demografikoa oso gaztea zen. Duela 35 urte gazte ginenok piramidearen eremu zabalena osatzen genuen. Kaleak, aisialdia, kultur sorkuntza, korronte estetikoak… Egiten ziren ekarpen soziopolitiko eta kultural berri gehienak eremu horretatik sortzen ziren, aurreko belaunaldiarekin haustura handia izan zen.
Giro horretan, Hego Euskal Herrian PNVren ohiko boto-emaileen seme-alabak ezkerreko independentismoan lerrokatzen ziren; PSOEren boto-emaileen seme-alaba asko ere bai. Ipar Euskal Herrian prozesua desberdina izan zen, geroago aipatuko dut.
Ezkerreko eremu soziologikoan, nagusiki, abertzale eta ez-abertzaleen arteko aldea azpimarratzen zen, errealitatea beti askoz konplexuagoa izan arren. Gauzak horrela, intsumisoan jauzi kuantitatiboa lortzeko beharrezkoa zen ezker anitz horren sektore zabalenetara iristea.
Ezker Abertzale Soziologikoa indar «emergentea» zen; Ezker Abertzale Organikoak esparru soziopolitiko hura osotasunean menderatu-antolatu nahi zuen. Herri Batasuna, batez ere, hauteskunde begirako tresna taktikoa zen, gidaritza estrategikoa KASek zeukan. Gorabehera handiko prozesu dinamikoa izan zen momentu guztietan, eta ez zen batere sinplea, KASekoak ez ziren HBko militante aktibo pila baitzeuden; eta Ezker Abertzale Organikotik at, ezkerreko beste korronte independentistak eta ez-independentistak ere bazeudelako herri mugimenduetan oso aktibo.
Organikoki, afektiboki, eta batik bat ekintzen bidez, ETAk baldintzatzen zuen Hego Euskal Herriko Ezker Abertzalea. Testu-inguru horretan euskal antimilitarismoa aktibatzea biziki zaila zen. Halere, poliki-poliki euskal antimilitarismo garaikideak eta iraultzaileak txoko bat zabaldu zuen mapa soziopolitikoan. Gogoratuko dugunez, Intsumisoaren kanpainaren hasieran KASek oso uzkur jokatu zuen antimilitaristokin. Oso hurbil zeuden «La mili con los milis» bezalako leloak, eta Jarriren mesfidantza erabatekoa zen.
Intsumisioak zirrikitu bat zabaldu zuen oso lokaztuta zegoen panorama politikoan, Ajuria-Eneako Itunaren garaikoa, alegia. Arin, bi urteren buruan, intsumiso izatea normalizatzen hasi zen eta intsumiso asko Ezker Abertzalearen eremutik hasi ziren hurbiltzen. Aitzindarietako bat Koldo Auge donostiarra, desertatu ondoren intsumiso bilakatuta, espetxeratuta, gose greban Donostiako KEM-MOCen babesa izan zuelarik. Beste bat, aipagarria, Santi Quiroga, HBko mahai nazionaleko kide nafarra. Jarrera aldatzen ausartak izan zirenek eragin handia izan zuten aldaketak bizkor ahal zitezen.
Jarraik oraindik ez zuen garbi; Ezker Abertzalearen inguru soziologikoan, aldiz, gero eta eraginkorragoa ikusten zen soldaduskaren aurrean intsumiso izatea, eta horrekin batera, jarrera antimilitarista barneratzea. Nire ustez, antimilitarismoa eta estrategia ez-bortitza eraginkorra izan zitezkeela egiaztatzea izan zen euskal antimilitarismoak egin zuen ekarpen nagusienetarikoa, hortik gutxira eraldaketa sakonak ekarriko zituena.
Intsumisioaren bigarren urterako, KAS koordinakunde berak gaia mahaigaineratu zuen barne bilera batean. Eta KAS koordinakundea esaten dudanen, koordinakundea osatzen zuten talde guztien arteko bileraz ari naiz. Bilera hartan gazteek ezberdin pentsatu arren, KASek ofizialki intsumisoaren alde jartzea erabaki zuen. Geroztik, Ezker Abertzalearen baitan euren buruan kokatzen zuten milaka gaztek intsumisoari heldu zioten.
EA, EE, Zutik eta ezkerreko beste mugimenduen ekarpena
- hamarkadan hainbat borroka sektorial KASek ez zituen guztiz barneratuta. Batik bat ekologismoan, feminismoan eta zer esanik ez antimilitarismoan. KASek bere burua sozialismo iraultzailean kokatzen zuen, baina koordinakundean sozialismo ikusteko hainbat ikusmolde elkarrekin bizi ziren. Marxismo klasikoaren korronte batzuetan «desarrollismoa» oso barneratuta zegoelarik, ekosozialismotik egiten ziren zenbait proposamen ez ziren begi onez ikusten. Feminismoan ere KASen, Egizanen taldearen bitartez, hasierako urratsak baino ez ziren ematen ari. ETAren jardunak KAS osoa hierarkizatzen zuen, eta ekintza militarrek norabide estrategikoa bideratzen zuten.
Testu-inguru hartan ezkerreko beste korronte batzuek nitxo politiko horiek betetzeari ekin zioten. Hauteskunde lehian ere dena zabalik zegoen: PNVk 270.000 bozka; HBk 238.000; EAk 180.000; Eek 130.000. Askoz argitzeke. Horrek baldintzatzen zuten guztien jarrera eta ataka horretan, Intsumisioak lerroketa berria sortu zituen
Hasiera batean, Euskadiko Ezkerrak AOC (Ordezko Zerbitzu Sozialaren aldekoak) babestu zuen. Ondoren Juan Mari Bandresi egindako lan-bilera batean ondorioz, EE ofizialki intsumisoaren alde jarri zen.
Eusko Alkartasunak ere ia hasieratik babestu gintuen. PNVrekiko zatiketa hurbil zegoen. EA NATOren aurka lerrotu zen; PNV (orain bezala) NATOzale amorratua. Nabarmenago hiru politikari busti ziren: Rafa Larreina; Joseba Azkarraga eta Imanol Murua.
EMK eta LKI Zutik alderdia egiteko elkartze-fasean ari ziren. Zutikek antimilitarismoan ekarpena egiteko tresna Kakitzat zela erabaki zuen. Prozesu hau gertatu aurretik, eremu ideologiko horretan aipatu beharrekoa den ekarpena dugu Joxean Izquierdok egindakoa. Kakitzaten sortzaile eta bultzatzailetako bat. KEM-MOC eta Kakitzaten arteko tirabireen gainetik, beti elkarlanerako prestutasuna handia erakutsi zuen.
Ekologistak eta feministak ziren gure eremu ideologikotik gertuen zeuden taldeak. Garai hartan «Ezker Alternatiboa» izena erabiltzen zen, eskuindar bilakatuta zegoen sozialdemokraziatik at eta ezker «estatista» edo klasikotik bereziturik. Ekologismotik eta feminismotik antimilitarismoaren xedearekin bat egitea logikoa zen. Bi eremu ideologiko horiek izan ziren gure aliatu naturalak eta egun ere, bi eremu horiek ditugu bidaide kuttunenak.
Gaztetxeen fenomenoak ere eragin handia ukan zuen intsumisoaren zabalkuntzan. Herri gehienetan gazte asanblada bana sortu zen. eta bide batez. lokal autogestionatua izateko premia. Gazte mugimendu anitza eta zabal hau modu asanblearioan antolatu zen eta okupatutako gaztetxeek ere desobedientziaren aldeko jarrera zabaldu zuten. Gaztetxeetan hainbat «hiri-leinu» elkarbanatzen zituzten lekua, denbora eta ekintzak. Gaztetxetan ezkerraren korronte guztien arteko dinamika interesgarriak piztu ziren, eta nola ez, gaztetxeek bultzatu zuten intsumisoa esparru berrietara eramanez.
PSOE, gure arerio nagusia
Korronte eskuindarra ari zen nagusitzen Europako Mendebaldeko sozialdemokrazian: Mitterrand Schröder; Laborismo britainiarrean zatiketa eta bistan da: Felipe González, hamarkada horietan zeuden politikari zinikoetan txapelduna.
PSOEk hasieratik aurre egin zion antimilitarismoari. NATOn sartu berria, sozialdemokrata espainolak bere atlantismoa sutsuki garatzen ari ziren. Erreferendumean egitura militarrean sartuko ez zirela esan bazuten ere, PSOE abiadura bizian zebilen Estatu espainiarra lehenbailehen hor sar zedin, lehenengo atetik.
PSOE zen, eta egun ere, 78 erregimenaren zutabe nagusienetarikoa. Bere lan nagusia: benetako ezkertiar izan daitezkeen korronte politikoak neutralizatzea. Beti egin du, duela gutxi egin berri du, eta intsumisioaren garaian ere saiatu zen. Ez zuen asmatu, ordea. Errepresioa aukeratu zuen Felipe Gonzalezek bere gehiengo absolutuaz oldartuta baitzegoen. Errepresioa euren aurka jartzeko baliabideak aurkitu genituen eta gailendu genituen.
Orain, tristura handiz ikusten dut azkenekoetan Euskal Herriko ezkerraren zenbait sektoretan PSOErekiko maitasun loraldia, PSOErekin oheratzen den orok kakaztu amaitzen baitu biharamuna.
Intsumisioa Ipar eta Hego Euskal Herrian
Azkeneko mendeetan oso gutxitan eman dira aldaketa soziopolitikoak modu berean Ipar eta Hego Euskal Herrian. Ezkerreko abertzaletasunaren aitzindaria Agustin Xaho zuberotarra izanda ere, eta hasierako desertore kontzienteak Ipar Euskal Herrian izanagatik ere, Estatuek ezarritako mugak eragina izan du.
Borroka armatuarekiko jarrera ere desberdina izan zen. ETA Hegoaldeko taldetzat hartzen zuten Ipar Euskal Herriko abertzaleek; Iparretarrak talde armatua oso bestelako ezaugarriak eta hedapena izan zituen. ETAk bere burua ENAM mugimenduaren banguardia armatu gisa kokatzen zuen; Iparretarrak, aldiz, herriaren esanetara egon behar zen taldetzat.
- mendeko 80. hamarkada aurretik, Hego eta Iparraldeko eragile politikoen arteko harremana ahula zen. Frankismoak sortutako errefuxatuen eragina aspaldikoa izan arren, ETAren errefuxiatuen presentzia itzala utzi arren, eta batik bat GALeren ekintzek Hegoaldeko militanteekiko elkartasuna estutu bazuen ere, Iparraldeko Ezker Abertzaleak berezko ibilbidea egin zuen.
Hamarkada horren hasieran EMA (Ezkerreko Mugimendu Abertzalea) zen Ipar Euskal Herriko indar abertzale eta ezkertiar handiena. EMAk distantziatik ikusten zituen Hegoaldeko gorabeherak. Halere, 1988an Abertzaleen Batasuna koalizioa egin zelarik, harremanak aldatzen hasi ziren.
Antimilitarismoari dagokionez, Ipar Euskal Herrian hasierako intsumisoak AB osatuko zuten ezkerreko eremu txikienetik atera ziren: Patxa eta Oldartzen, gero Herriaren Alde izenaz elkarturik, ABren koalizioan sartuko zirenak. Bi talde horietan osagarri libertario eta euskaltzaleak nabarmenak ziren. Egiari zor, Iparraldeko Ezker Abertzaleak Hegoaldekoak baino lehen izan zuen garbi intsumisioaren aldekotasuna. Oso lagungarria izan zen.
MAIA (Militarismoaren Aurka Intsumisoaren Alde) izan zen Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako intsumisoen koordinakundea. Aspaldiko partez, herri mugimendu politiko bat mugaren bi aldetara eratu zen, antimilitarismoa.
Autodeterminazioa, Uliako Agiria
Aipamen berezia merezi du antimilitarismoak une historiko jakinean egin zuen ekarpen ideologiko zein praktikoak. 1992Ko Olinpiada eta Nazioarteko Sevillako Erakusketa aurretik, Estatu espainiarrak ETArekin beste negoziazio saiakerari ekin zion: «Argeleko Prozesua».
Negoziazio saiakerak 1989an izan omen zuen hasiera. Denboraldi batez, Ezker Abertzaleak borroka sektorial batzuetan presioa arindu zuen. Une horretan, indar handia hartu zuen aldarrikapena autodeterminazioarena izan zen. Honek aldaketa bat ekarri zuen, ordura arte ETA (m)rekin lerrokatzen ziren eragile gehienak Independentzia eta sozialismoaren aldarrikapenaren itzalpean elkartzen ziren eta. Autodeterminazioaren aldarrikapena, berriz, abertzaleak ez ziren beste eragile batzuek sarriagotan erabiltzen zuten. Izan ere, autodeterminazioa eskubidea deskolonizazio prozesuetarako tresna juridikoa izanik, gatazka armatuen bideraketa baketsurako tresna gisa ere garatu izan da. Hortaz, bake-negoziazio prozesu politiko baten baitan oso ondo egokitzen zen autodeterminazio eskubideari zentralitatea ematea.
1991ean Intsumisio kanpainaren unerik gorenetakoa izan zen. Tokian tokiko talde antimilitarista nonahi; Kakitzat eta KEM-MOC ondo erroturik. Ekintza zuzenak egiteko gaitasun handia. Kohesio estrategiko sakona. Horrela izanik, KEM-MOCetik ekarpen bat egin nahi izan genuen: Uliako Agiria.
Agiri horren xedea: autodeterminazioaren aldeko mugimendu autodeterminatu eta autodeterminatzaile bat sortzea. Eragile politiko ala politiko-militarren arteko balizko negoziazio batek baino zilegitasun gehiago lor zezakeena eta aldaketa sakonagoak lor zezakeena.
Hurrengo urteetan antimilitarista batzuk aritu ginen lan ildo hori jorratzen. Baina, istorio hori, beste egun baterako utzi beharko dugu.
Antimilitaristak eta «insumisado»
Asanblearismoa izan zen, besteak beste, antimilitarismoak eta inguruko beste sektoreek egin zuten ekarpenetako bat. Herri bakoitzeko talde antimilitarista autonomoa zen; intsumiso bakoitza burujabea eta autonomoa. Koordinazioa sare horizontalen baten bidez egiten zen. Eta benetan diot irizpide hauek zorrotz betetzen zirela. Bilera luzeak, asteburu osoko batzarrak, hamaika txosten. Dena aztertzen zen, dena eztabaidatzen zen, eta dena asanbladetan erabakitzen zen, gehienetan Kontsentsua tresna gisa erabiliz.
Hala eta guztiz ere, intsumisoaren kanpainaren arrakastarekin batera, nolabaiteko arrakala sortu zen talde antimilitarista ari ginen lagun eta antolatu gabeko intsumisoen artean. Zenbaiten ustez, talde antimilitaristek «objetoreen sindikatu» gisa jokatzen zuten (nahi gabe), eta kanpainaren 3. urterako intsumiso gehienek talde antimilitaristak «zerbitzu-talde» gisa hartzen zituzten.
Denborak aurrera egin ahala, arrakala handituz joan zen, eta zenbaitetan sekula atsegin izan ez dudan terminologia erabiltzen hasi zen: antimilitaristok eta «el insumisado». Kanpainak izan zuen hedapena zela eta, gero eta zailagoa zen intsumiso guztiengana iristea eta eredu horizontalari eustea; Intsumiso egiten ziren askoren ideologia ez zen oso landua eta «gainideologia» handia genuen taldeetako ekintzaileok. Hasiera batean ondo kudeatu ahal izan genuen; gero, gaina hartu gintuela uste dut. Nire ustez, zenbait taldek «Kuarteletan intsumisoa» proposatu zutenean, antimilitarista eta «intsumisado»aren arteko arrakala handitu zen, eta mugimenduak krisi larria pairatu zuen.
Sabaia-garaipena eta porrota
Ezustean, Mugimendu Antimilitaristak sabaia jo zuen. Inoizko hedapen handiena genuela, Aznarren gobernuak derrigorrezko soldaduska ezabatu zuen. Europako mendebaldeko jendarte batean desobedientzia zibilak lortu duen garaipen handiena eskuratutakoan. Aitzitik, horrekin batera gainbehera hasi zen.
Talde Antimilitarista gehienen lehentasuna intsumisoa izan zen, soldaduska deuseztatzea, alegia. Eta zenbait taldetan betidanik beste gai antimilitaristak jorratu genituen arren, soldaduskaren gaiak dena xurgatu zuen. Gure garaipen handiena, gure porrotaren adierazlea ere izan zen.
Derrigorrezko soldaduskaren amaierarekin batera, talde antimilitarista gehienak desagertu ziren. Ez genuen asmatu mezu eta jardun antimilitarista moldatzen. Horren lekuko, Irakeko 2.gerra. Irakeko 1.go gerran 1991ean, intsumisoa gori-gori zegoenean,erantzun zabala, eraginkorra eta indartsua izan zen. 2003an, berriz, askoz apalagoa izan zen. Ukitu gintuen ere nabarmen Yugoslavia ohiaren gerra basatiak. Gerra horrek izan zituen ezaugarriak zirela eta, nekez kudeatu ahal izan genuen erantzun koherente bat, eta gehienetan errefuxiatuen arloa baino ez genuen jorratu.
Hurrengo urteetan talde gehienak desagertu ziren eta urte luzez antimilitarismoa eremu minoritarioetara murgildu zen.
Mugimenduen apurrek jarraipena izan zuten: Eragozpen Fiskala, Armagintzaren aurkako lana, indarkeria-eza aktiboaren garapena, Gerrarik Ez plataformak sortzen eta birsortzen. Urte hauetan guztietan talde batzuek jarraitu dugu, baina inondik inora ez dugu lortu agenda politikoan eragin izatea. Intsumisoaren bidez eragina ez ezik, agenda politikoa baldintzatzeko adina indarra ere lortu genuen. Geroztik, gure ekarpena oso gutxitan joan da sinbolismotik harago. Mugimendu minoritarioa izatea ez da txarra; minoritario izan gaitezke, baina eragina izateko ezinbestekoa da sektore zabalengana iristeko gaitasuna izatea. Minorizazio eta testimonialismoaren arteko muga oso labainkorra da.
Globalizazioa eta militarismoa
Transnazionalek bultzatutako globalizazio prozesuak aldaketa sakonak ekarri ditu. Beste mundu batean bizi gara. 2008Ko krisi kapitalistaren geroztik, aldaketak bizkortu dira. Krisi hartan, Grezian gertatutakoarekin, adibidez, argi geratu zen Nazioarteko Erakundeak energia, elikagaien, botiken eta armagintzaren lobbyen alde ari direla sutsuki; inolako kupidarik gabe; eta demokrazia baten egon zitezkeen azkeneko zantzuak birrindu dituzte.
Bestalde, «Pandemia»ri eman zioten erantzun autoritarioa eta distopikoa garai berrien iragarlea izan zen. Mendebaldeko jendarte-sareak oso ahul daudela agerian geratu zen. Egun paraitzen dugun sistemaren bultzatzaileek ondo baino hobeto apuntatu zuten gertatutakoa. Ziurtasunik-ezaren sentsazioa zabaldu nahi dute. Gure gizarte zahartuek beldur izugarria diote heriotzari, konfort galtzeari, ederki harrapatu gaituzte.
Hirugarrenik, Ukrainia eta Errusiaren arteko gerra gatazka global baten ataria dela argi geratu zen. NATO berrindartu da. Hego Euskal Herriak, Catalunyak eta Kanariarrek ezezko eman zioten NATOri. Beldur naiz gaur galdetzekotan, baiezkoa gailenduko ote litzatekeen. Zer egingo luke Euskal Ezkerrak horren aurrean? «De facto» ez da aurrekontuen bidez NATOren kidetza onartzen ari?
Bideo zaintza, Ertzaintza, Udaltzaingoaren militarizazioa, salbuespen legeak normalizazioa, mugen kontrola militarista eta pribatizatua. Europak bere pribilegioak babesteko edozer gauza egiteko prest dago. Ultraeskuina hedatzen, kontserbadoreak hara hurbiltzen, sozialdemokrazia kapitalismo korporatiboaren aginduak kudeatzen, «aurrerakoi» etiketa estetikoak «ezkerra» ordezkatzen, ekologismoaren aldarrikapen iraultzaileak kapitalismo berdeaz erasotzen. Bai, sistema bere burua berrasmatzeko gai izan da eta gu berriz…
Eskalada militarista honetan, Euskal Armagintza arrantza egiteko prestatzen ari da bere burua. «Zoru etikoa» aldarrikatzen duten horiek ez dute inolako arazorik armagintzaren sektorea babesteko. Dagoeneko ez dute disimulatzen. Aperribaytarren kasua ezagunena da, baina 100 enpresa baino gehiagok osatzen dute sare kriminal hori. Ziurki Euskal Antimilitarismoaren erronka nagusia hori izango da: «gerrak hemen hasten» direla salatzea, armagintzaren industriaren desmilitarizazio prozesuari ekitea eta bide horretan, klase-sindikatuekin elkarlana sakontzea.
Jendarte berria. Lekukoa eman
Europa osoan, eta Euskal Herrian bereziki, beste fase historiko batean gaude. Globalizazioak bete-betean harrapatu gaitu. Jendarte zaharkitua, koldarra, zuhurra. Aldarrikapenak, kontsumistak; aisialdia, sakralizatuta, jubilazioa ez galtzeko, otzanak; noraezean.
Benetan harritzen gaitu gazte errebelde asko GKS bezalako tokietara hurbiltzeak? Determinismo historikoa akats estrategiko izanda ere, horren ezustean harrapatzen gaitu gazteek hor iparrorratza aurkitu izanak? Ziurgabetasunaren printzipioa tresna epistemologiko zuzena bada ere, noraeza kudeatzeko irizpide irmoak eskaintzea errazagoa da. Gazte askok euskarri seguru horiei heldu diete, euren aurrekoek utzitako katastrofeari aurre egiteko.
Oso kritikoak izan beharko genuke gure buruarekin. Nekazari, baserritar eta langileen seme-alaba eta bilobak izan ginenok zer nolako jendarte eredua onartu dugu?
Aurrekoek egindako lanari esker galtzear dauden eskubideak baliatu genituen. Urte latzak pairatu bagenituen ere, eta hipoteken esklaboak izan arren, nolabait, arrakasta sozioekonomikoa izan duen belaunaldikoak gara. Halere, zer gara? Ez ote gara gure gurasoen kopia «progrea»? Borrokaren beharra transmititu dugu? Zer lepora diezaiekegu gazteei?
Desobedientziaren bidez Euskal Herrian prozesu iraultzaile bat bideragarria zela pentsatu genuonok porrot egin dugu; borroka armatuaren bidez lorgarria zela ziotenek ere porrot egin dute. Indar sistemikoek irabazi dute; eta okerrena, eragile eraldatzaile eta iraultzaileohi mordo bat euren altzora hurbildu dira. Gehiago esango nuke eragile horietako batzuk sarraskia kudeatzeko prest daude apur txiki batzuk salbatzearren, klase sozial mugatuengan eragina izango duten apur leungarriak.
Dagokigun erantzukizunari iskin egin gabe, lekukoa emateko tenorean gaude. Gazteek bete beharko lituzketen guneak monopolizatzen baditugu, traba baino ez dugu egingo. Antimilitarismoa inoiz baino beharrezkoa den honetan, litekeena da mugimendu hau izatea indartsuago dabiltzan beste borroken osagarria, eta ez ardatza. Alabaina, badago zer egin, gerrak hemen hasten baitira: euskal armagintza sektorean eta gure politikariek bozkatzen duten aurrekontuetan. Borrokak darrai.
Patxi Azparren Olaizola
[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]