Buenos Aires inguruko villa miseria bat, beharbada, feng shuirik[[Txinatarren tradizioan, energia fluxuen kokapen eta orientazioa arautzen dituen lege sistema, eta eraikinen kokapen eta diseinuan horren aldeko zein kontrako ondorioak kontuan hartzen dira (I. O.).]] okerrena duen lekua izango da: «antzinako laku, zabortegi eta hilerri baten gainean eraikita dago eta urak erraz gainezka egin dezakeen zonaldean dago». Beraz, horren moduko herria leku arriskutsutzat eta osasunerako potentzialki kaltegarritzat baino ezin daiteke hartu: Manilako Pasig ibaiko kakan dauden zur pusken gainean eraikitako auzo edo Vijayawanadako (India) bustee izateak ez dauka ardurarik. Azken horretan, «urteroko uholdeek euren etxebizitzak hondatuko dituztela gauza ziurtzat hartu eta bertako bizilagunek etxeetako zenbakiak ateetan ez ezik, altzarietan ere margotu dituzte».
Leku horietako bizilagunen osotasun fisikoak eta osasunak etxetik kanporatzearekin topo egiten dute, lurzoru metro koadro batzuengatik eta kanporatzearekiko inmunitateagatik. Lakuak, gainezka egin dezaketen erreka bideak, sumendien magalak, zabor mendiak, zabortegi kimikoak eta populaziorik gabeko orubeak konkistatzen aitzindariak suertatu dira. Hiri bazter txiki batek -«lurzoruaren erosioak, zikloiek, uholdeek, goseteek edo ziurtasunik ezaren eragile garapenak lekuz aldatutako lagunentzako aterpea», hain zuzn- faustiar konpromiso antzeko zerbait aurkitu duela dio Jeremy Seabrokek Dhakan bisitan, lantegi toxiko eta «pozoindutako leku» baten artean kokatutako haitzuloan. Osasunik gabeko muturreko baldintzak izateagatik, leku horrek ez gaitu erakartzen eta «hiriko orubearen prezioen garestitzetik salbu dago». Horren moduko lekuak hiriko ekologian pobrezia nitxoak dira, eta solemnitate behartsuek baldintza kaskar horietan bizitzen onartzea baino ezin dute besterik egin.
Geologia ezinezko bihurtzen denean, hiri bazterrak sortzen dira. Esaterako, urteetako meategi zulatuen hamarkadek kutsatutako orube dolomitikoen inguruan altxatzen da Johannesburgeko periferia janzten duten txabolen auzoen erletxea. Zuria ez den zonaldeko populazioaren erdia, gutxienez, isuri toxikoen zonaldeetan eraikitako auzoetan bizi da, horiek behera etortzeko arrisku larria badute ere. Horren antzera, cerroetako orube lokatzetan eraikitako Belo Horizonte eta Brasilgo beste hirietako favelek ere behera etortzeko arrisku handia dute. Sarritan behera datozen mendi magalez osatutako orube ezegonkorren gainean eraikita daude Rio de Janeiroko favela entzutetsuak ere. Jausi horien ondorioak zeharo tragikoak izaten dira: 1966-1967ko zabor mugimenduetan, 2.000 hildako; 1988an, 200; eta 2001eko Gabonetan, 70.
Hala ere, geologiari dagokionez, Caracaseko orubeak baino arrisku gehiago dituen lekurik ez ei dago. Caracas Bailara inguratzen duten cerroetako magal ezegonkorretan eraikitako hiri bazterretan bizi dira hiriko populazioaren bi herenak. Zonaldea, gainera, sismikoki oso aktiboa da. Orain urte batzuk, landareek lurra egonkortzen zuten, baina sasiak ebakitzean eta eraikuntza prekarioak areagotzean horren populatuta dauden mendi magalak ezegonkor bihurtu dira. Ondorioz, lur mugimenduak hamar urterik behin izatetik (1950. urtea baino lehen) hilean birritan edo hirutan ematera pasatu da. Hala ere, lurzoruaren ezegonkortasunak ez du kolonizatzailerik uxatu, mendi magalik prekarioenak okupatzen jarraitzen baitute, euria jausten den lekuak eta sarritan urak gainezka egiten duen amildegiak alegia.
Venezuelako iparraldeak euri zaparrada itzela jaso zuen 1999ko abenduaren erdialdean. Egun gutxi batzuetan urte osoko euria bota zuen. Gogoratu zenbait lekutan euria «mila urteetan behin» baino ez dela ematen. Caracas eta Avilako mendien beste aldeko Karibeko kostaldeko bat-bateko uholdeek eta lur mugimenduek 32.000 lagun hil dituztela estimatzen da, 140.000 lagunen etxeak zapuztu dituzte eta 200.000 bat lanik gabe geratu dira. Hugo Chavezen ezkertiar gobernua aukeratu berri zutelako Jainkoaren zigorra ei zela bota zuen abade katoliko batek, baina Kanpo Ministro Jose Vicente Rangelek atoan honakoa erantzun zion: «Zer Jainko krudela bere mendekua txiroenei betearazten diona!».
Caracas inguruko lur mugimenduak Manilako hiri zonaldeko uholdeak besteetan ematen dira. Uholdeetarako arrisku larria duen lautada batean kokatuta dago, hiru ibaik bat egiten dute bertan eta eurite zein tifoiak sarritan ematen dira, Manila ura irensteko leku naturala da. 1898tik aurrera, AEBetako agintariek hiriaren erdialdea babesteko eta euriteen ura irensteko kanalak eraiki zituzten, besteak beste. Hala ere, azken urteotako hobekuntzak baino gehiago suertatu dira isurketa andana (Pasig ibaiko bidea zabor geruzatik lau metrora dagoela uste da); azpilurretako geruzen gainesplotazioak eragindako jausiak; Marikina eta Montalbango deforestazioa; eta, are gehiago, orube umeletan eraikitako txabolen eraikuntza.
Beste modu batera esanda, etxebizitzaren krisiak uholdeen ezaugarriak eta arazoaren neurriak aldatu ditu: populazioaren bostik txiroena etengabe arriskuan dago eta den-dena galtzeko mehatxupean bizi da. Esaterako, 1998ko azaroan, uholdeek 300.000 lagunen etxebizitzetan kalteak eragin edo hautsi zituzten eta, beste batean, Tatlon auzoa ur azpian geratu zen, sei metrora.
Deabruarekin hitzarmena
Manila eta Caracaseko adibideek arrisku geologiko eta klimatikoek pobrezia areagotzen dutela erakusten dute. Los Angeles edo Tokio lako leku arriskutsuetan eraikitako hiri aberatsek arrisku geologiko eta meteorologikoa gutxitzeko «ingenieria aurreratu» eta lan publiko kolosalen bitartez: anklaje eta sare geotextilen bidez, lur mugikorrak egonkorrak bihurtu; magal umelak eta terrazak eraiki; gainezka egin duten lurzoruetan drenaje putzuak sortu; uholdeak gelditzeko dikeak; euritea biltzeko porlanezko kanalak. Erabateko kalteen kasuan, etxebizitzen konponketa eta berreraikitzea bermatuko dituzten uholdeetarako nazio aseguruen programa eta lurrikararako aseguru eta prestazio mistoak.
Urik zein kakak bideratzeko kanalik ez duten Hirugarren Munduko hiri bazterrek ez dute lan publiko garesti bitartez lagunduko dionik ez du, ez eta aseguruen babes eremurik izateko aukerarik ere. Kanpo zorrak eta horrek dakartzan «egiturazko ondorioek« honako logika beldurgarria dutela uste du zenbait adituk: «ekoizpen, lehiakortasun eta eraginkortasunaren gehikuntza, kontrako ingurugiro baldintzen truke, gero eta auzo prekario eta arriskutsuagoetan zehaztuta».
Batzuetan, Estatuaren parte-hartzeak arriskua biderka dezake, gainera. 2001eko azaroan, Argeliako mendebaldeko Bab el Oued, Frais Vallong eta Meaux Fraisier hirietako auzo txiroek uholde eta lokatz mugimendu itzelak izan zituzten. Mendi magaletako etxolen gainean 36 orduz euria aritu eta gero, bide bazterreko etxe multzoetan urak gainezka egin zuen. 900 lagun baino gehiago hil ziren. Agintarien erantzunik ezaren aurrean, bertako bizilagunek -gazteek, batez ere- erreskate lanei ekin zieten. Hiru egun eta gero, Abdelaziz Bouteflika presidentea gerturatu zen. Hango bizilagunek, haserre bizian, gobernuaren aurkako leloak garrasi zituzten. Bouteflikak ez zion bere buruari mesederik egin, Estatuari ere ez, hondamendia Jainkoaren borondatekoa izan zela esatean: «Ezin genuen ezer egin», azaldu zuen, amaitzeko.
Bizilagunek bazekiten absurdua zela. Ingeniariek zehaztu zuten moduan, mendi magaleko etxebizitzek iragarritako hondamendia jaso zuten: «euriteentzako oso egitura malguak zituzten. Herrialde osoan, horrelako eraikuntzek euriteek eragindako kalte handiak jaso dituzte, euren egoera degradatuagatik, konponketa ez-egokiengatik, zahartzeagatik eta negligentziagatik». Are gehiago, gobernuak gerrilla islamisten kontra aurrera daraman gudaren ondorio zuzena izan zen hondamendiaren zati handia. Altxatutakoen babes lekuak eta alde egiteko bideak ezabatzeko, agintariek mendi magalak deforestatu zituzten eta kanalak itxi. Drenajeak beteta, euri urek ez dute ateratzeko beste modurik. Gainera, agintari ustelduek ibai ondoko orubeetan kalitate eskaseko etxebizitzak eraikitzeko baimena emana zuten, banakako kontratistak populazioaren osasunaren kontura aberastuz.
Hiri etxebizitzaren krisiaren neurgailu ziurragoa da lurrikara, lur mugimenduak eta uholdeak baino. Intentsitate handiko lurrikara batzuek eraikin altuetan eragina badute ere (Mexikon gertatu zenaren antzera, 1985), kalitate baxuko adreilu, horma eta porlanezko eraikuntzarekin bat etortzen da lurrikara bidezko hondamendia. Bat egite hori are sarriagoa izaten da etxebizitzak mendi magal ezegonkorretan egoten direnean. Etxebizitza informalen eraikuntza deabruarekin hitzarmena da, horren klausularik ikusezinena arrisku sismikoa da. «Turkiako txiroek orubeak modu errazean eskuratu ahal izan dute, urteetan agintariek ez dutelako hiri planteamenduko arauak betetzen eta betearazten ez zutelako», berretsi du Geoffrey Paynek, «egoera horrek, baina, 1999ko lurrikarek erabateko hondamendia ekarri zuten eta etxebizitzen eraikuntzaren arautzea bete ez izanak, gainera, zenbait hildako eragin zuen».
XX. mendean, lurrikarek ehun milioi etxebizitza zapuztu zituzten, hiri bazterretan eta nekazal inguru txiroetan batez ere. Munduko hiri populazioaren gehiena plaka tektonika aktiboen gainean edo horien hurbil bizi den bitartean (Indiar eta Pazifiko Itsasoen inguruan, batez ere), milioika lagun lurrikarek, sumendiek eta tsunamiek mehatxatuta daude. Lurrikarak eta 2004an Sumatran izandako tsunamiak urriak badira ere, hurrengo mendean beste zenbait jasoko direla esan daiteke. Istanbuleko gecekondus-ak, esaterako, Anatoliako iparraldeko faila mugikorren sistemarantz doazen lurrikaren helburua dira. Ildo beretik, Limako agintariek 100.000 bat eraikuntza, gutxienez, -gehienak, tugurio eta barriadetan-, behera etorriko direla aurreikusten dituzte datorren belaunaldiko lurrikara handia datorrenean. Hiri horietako arrisku sismikoa horren modu berezituan sailkatuta dago, ezen geografo erradikalek «klasemoto» izena asmatu zutela, izandako eta izango den hondamendia arautzen duen printzipioa izendatzeko.
Laino mortalak eta hilkutxa hegalariak
Hiri pobreziak arrisku naturalak areagotzen baditu, arrisku guztiz berri eta artifizialak sortzen dituzte pobreziak, industria toxikoek, zirkulazio anabasak eta azpiegiturak behera etortzeak. Hiri arautzearen printzipio guztiak hautsi dira hiri txiroetan, ingurune irekiak mantendu eta erabilera toxikoko guneak nahiz bizitzeko zonaldeak bereizteko printzipioak barne.
Hegoaldeko hiri txiroei buruzko bere liburuan, Jeremy Seabrookek Klong Toeyko hondamendiranzko geldiezinezko joera azaltzen du, Bangkokeko portuko auzo txiroa, darsenek, enpresa kimikoek eta autopistek inguratuta. 1989an, eztanda kimiko batek ehunaka lagun kutsatu zituen; urte bi geroago, produktu kimikoen biltegi batek eztanda egin zuen eta 5.500 lagun etxe barik geratu ziren, handik gutxira gaixotasun ezezagunek hil bazituzten ere. Suak 63 etxe erre zituen 1992an, 1993an 460 (beste eztanda bat ere egon zen) eta 1994an ehunaka. Hiri bazter asko ere, herrialde aberatsetako batzuk barne, Klong Toeyko historiaren modukoak dituzte. «Zabortegi sindromearen« biktimak suertatu dira: metalen laminatua, tintatua, distiratzea, esmaltatua, pilak erreziklatzea, ibilgailuen konponketa, produktu kimikoak eta klase ertainek euren auzoetan sekula onartuko ez zuketen zenbait industri mota zonalde berean elkartzea.
Milaka lagun hiltzen dituen eztandarekin baino ez da mundua pobrezia eta industria toxikoak elkartzeak izan dezakeen ondorio fatalez ohartzen. 1984 annus horribilis izan zen. Sao Paoloko «poluzio bailarako« Cubataoko oleodukto batek leher egin zuen otsailean, ondoko favela bateko 500 lagunei sua emanez. Hortik zortzi hilera, Mexikoko San Juanico koloniako Pemexeko gas naturaleko planta batek bonba atomikoaren leherketaren antzera eztanda egin zuen, 2.000 bizilagun baino gehiago hil zituen (sekula ere ezin izan zen hildako kopurua zehaztu).
Mexikoko holokaustotik hiru astera, Madhya Pradesheko hiriburu Bhopalen Union Carbideren lantegi batek metilisozinato laino mortala isuri zuen; International Amnestyren 2004ko txosten baten arabera, 7.000-10.000 lagun atoan hil ziren eta hurrengo urteetan, beste 15.000, eratorritako gaixotasunek jota. Biktimak txiroenik txiroenak suertatu ziren, gehienak musulmanak. Pestizida enbasatuen lantegia zegoeneko auzo irregularrak zituen orubean eraiki zen. Lantegia handiagoa izan ahala eta pestizida gero eta kaltegarriagoak egin ahala, bere inguruan bustees loratu ziren. Euren seme-alabak kalean hiltzen ikusi arte, bazter hiperdegradatu horretako bizilagunek ez zekiten lantegi horretan zer ekoizten zuten edota metilisozinatoak ekar zezakeen arrisku apokaliptikoa ere.
Bestetik, Hirugarren Munduko hiri gehientsuetako kaleak oztopatzen dituen trafiko basatiak dakartzan arriskuez jabe dira auzorik txiroenetako bizilagunak. Kontrolik gabeko urbanizazioa handitzeak ez dakar berarekin ondoriozta daitekeen garraio publikoan edo autopistetan inbertsio sozialik, eta horrek trafikoaren osasun hondamendia eragin du. Errepideak gainezka badaude ere, garapen bideko hirietako ibilgailu motoredunak gero eta gehiago dira. 1980an, Hirugarren Munduko ibilgailuak %18 ziren; 2020an, 1.300 milioi auto, kamioi eta autobusen erdia (eta ehun milioika motozikleta) herrialderik txiroenetako kaleetan ibiliko dira.
Berdintasuna apurtzen duten indarrek gidatzen dute ibilgailuen gehikuntza. Garraio publikoaren kalitate eskasak norbere ibilgailua erabiltzea behartzen duen garraio politikak etengabeko zirkulura garamatza. Ondorioa heriotza errepide handia da. Hirugarren Munduko auto istripuetan, milioi bat lagun baino gehiago -horren bi herenak oinezkoak, txirrindulariak eta bidaiariak dira- hiltzen da urtean. «Bizitzan autorik izan ez dutenek arrisku handia dute», azaldu zuen Munduko Osasunaren Erakundeko ikertzaile batek. Minibus eta autobus txikiak bereziki arriskutsuak dira, lizentziarik eta mantenurik ez baitute izaten. Lagosen, autobusei dangos eta molue esaten zaizkie, «hilkutxa hegalari» eta «heriotza ibiltariak», hurrenez hurren. Hiri txiroetako trafikoaren erritmo pausatuak ez du hiltzeko ahalmen hori gutxitzen. El Cairoko auto eta autobusek hamar kilometro orduko baino abiadura baxuarekin badabiltza ere, Egiptoko hiriburuak honako istripu kopurua du urtean: zortzi hildako eta 60 zauritu mila ibilgailuko. Lagosen, batez besteko bizilagunak hiru bat ordu ematen ditu auto ilaretan eta, zenbaitetan, gidariek tenplea galtzen dute. Izan ere, espaloira igo edo kontrako norabidean dabiltzan gidariak horrenbeste dira, ezen Trafiko Ministerioak proba psikiatrikoak gainditzera eta zigor aurrekaririk ez dutela esatera behartu dituzten. Bitartean, New Delhin, Hindustan Times egunkariak klase ertaineko gidariek eskaleak edota ume txiroak aurretik eraman eta gutxitan geratzen direla salatu berri du.
Munduko Osasunerako Erakundearen arabera, bide publikoko hildako eta zauritutakoen kostu ekonomiko globala «herrialde aberatsek emandako garapenerako diru-laguntza guztiaren bikoitza» da. Hirietako txiroek aurre egin behar dieten arriskurik handiena trafikoa izatea erabaki du MOEk eta 2020an hiruagarren heriotza arrazoia izango da.
Zoritxarrez, Txinan, autoek txirrindulariek eta oinezkoei lekua kendu dieten herrialdean, horren aitzindaritzan egongo da: 2003ko lehen hiru hilabeteetan, hiri barruko istripuetan, txinatarren laurden bat hil edo larriki zauritu zuten.
Motorizazioa, jakina, Hirugarren Munduko hirietako aire poluzio lazgarria areagotzen dabil. Auto zahar-zaharrek, aspaldiko autobusek eta hainbat hamarkada pilatzen dituzten kamioiek konbustio gas mortalak aireratzen dituzte hirietan, auto txikiak jaurtitzen dituzten biko motoreek auto berrienek baino hamar bider gehiagoko poluzio partikulak sortzen dituzte. Azterketa berri baten arabera, Mexiko, Sao Paulo, New Delhi eta Pekin lako kontrolik gabeko hazkundea duten hirietako bizilagunen heriotza arrazoietariko bat poluzio airea da (smog kaltegarria 300 egun urtean hartu bezain kaltegarria). Bonbaiko airea arnastea egunean bi kutxa zigarro erretzea bezain kaltegarria da, eta New Delhiko Zientzia eta Ingurugirorako Zentroak Indiako hiriak «gas gelak« bihurtzen hasiak zirela ohartarazi zuen.
Hirugarren Munduko hirietako txiroek gaixotasun «zama bikoitza« jasaten dutela diote osasun publikoko adituek: alde batetik, hiri poluzioak garatutako gaixotasun mortalak eta, bestetik, estresa. Hiri bazter txiroetan mila milioi lagun bizi direla estimatzen da (2030ean bikoitza izango ei da), hiri pobrezia berez ekologia epidemiologiko berriak sortzen dabil eta GIS-HIESaren eta hegaztien gripearen bidea errazten ere. Marx eta Dickensen garaian baino gehiago, hiri bazter txiroak egungo osasun eta ingurugiro arazorik larriena dira. Gainera, elkartasunerako erronkarik handiena dira.
Mike Davis
[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]